1. Orokorrean guztiok oroitzapen onak ditugu lehen hezkuntzako garaiez. Gure
haurtzaroan, lehen hezkuntzan irakasleek erabiltzen zuten irakasteko modua taldekide
guztien artean antzekoa izan zela ohartu gara. Hala ere, Haritzek herri txiki batekoa
izanik eta ondorioz eskola txiki batera joanda (ikasgelan 5-6 kide) eskolan jasotzen
zuen tratua pertsonalizatua izaten zela dio, ia etxekoa bezalakoa: “banan banako
atentzio pertsonalizatua agerikoa zen”. Ikasle gutxi izatean gaiak ikasleen
interesetara egokitzea erraza zela kontatzen du: “gogoan dut, esate baterako,
lagun batek oporretatik fruta tropikalak ekarri zituela eta gero horren
inguruko lan bat egin genuela. Beste behin, sagardoaren inguruan jardun
ginen beste kide batek etxean edari hori egiten zuelako”. Eskola
handiagoetan ikasi zutenek ordea ez dituzte esperientzia berberak. Iñigok, esate
baterako dio gela barruan talde txikitan antolatuta funtzionatzen zutela. Klasea
emateko zuten modua teorikoagoa zen, ikasliburuetan eta irakasleen arbel aurreko
azalpenetan oinarritua batez ere. Gero ikasleek azaldutako gaiarekin zerikusia zuten
ariketak binaka edo banaka egiteko aukera izaten zuten. Nahiak kontatzen du
“irakatsitakoa liburuetan eta horiekin eginiko azalpenetan oinarritzen
zen, batez ere”; eta, Maialenek “arbelean kontzepturik garrantzitsuenak
idatzi, ikasleok arbelekoa kopiatu eta zerbait ulertu ezean galdetu” egiten
zutela dio. Hausnarketak eginez, iruditzen zaigu irakasleak ikasleenganako
egokitzapena eta hurbiltasuna landu behar dituela. Badakigu talde handian zailtasunak
handiagoak direla, besteak beste ikasle bakoitzari eskaintzeko denbora gutxiago baitu
irakasleak, baina ahalik eta gehien saiatu beharko lukeela horretan iruditzen zaigu, oso
aspektu garrantzitsua dela iruditzen baitzaigu.
Ebaluatzerako orduan taldekide guztiak era berean ebaluatuak izaten ginela
konturatu gara. Klaseko jarrerak eta eginiko lanak hartzen ziren kontuan, azterketa oso
gutxi egiten genituen. Gehienok seigarren mailaren amaieran hasi ginen horiek egiten,
batez ere DBHn horrelakoei aurre egiteko prestatuta eta ohituta egoteko.
Ebaluatzerakoan ikasturte hasieratik ikasturte amaiera arte izandako aurrerapena edo
garapena izaten zen kontuan. Maialenek kontatutakoa gainerakoen kasuan ere
errepikatzen zen “hiruhilabetekoan zehar eginiko ariketen, lanen,
azaldutako jarreren eta orokorrean izandako progresioaren arabera
ebaluatzen gintuzten”. Hitz egiten ari ginela ohartu ginen, esaterako eskola
2. batzuetan “bikain”, “oso ongi” “nahikoa” eta antzekoak erabiltzen zirela
(“ebaluatzeko era zenbakien bitartekoa izan beharrean honela
adierazten zen:-ez nahikoa (-5),-ongi (6),-oso ongi(7,8) eta bikain(9,10)”
azaltzen du Iñigok), beste batzuetan aurrerapen egokia (A. E.) eta besteren batean
egindako aurrerapenen, lanaren eta jarreren deskribapen xehea egiten zela. Ongi
iruditzen zaigu, azterketa askorik ez egin eta ikasleen aurrean ebaluazioari garrantzia
handirik ez ematea. Horrela ikasleak lasaiago egongo baitira, ez dira nota baten atzetik
ibiliko eta azterketek sortu ohi duten urduritasuna gainditu ahal izango delakoan
baikaude.
Irakaskuntza baliabideen artean testuliburuak eta arbela dira nagusi, koloretako
paperak eta kartulinak ere erabiltzen zituztela aipatzen du taldekideren batek. Hala ere,
bada teknologia aparatuak txikitatik erabili izan dituenik ere, ordenagailuak eta
telebistak adibidez. Beste taldekide batzuek eskolako irratia eta musika aparatua
erabiltzen zitutzela diote. “Gela bakoitzean arbela, bi ordenagailu,
proiektatzailea eta telebista zeuden. Testuliburuez gain YouTube eta
antzeko orrialdeetako bideoak, garaiko kasete eta disketeak (geroago
CD bihurtu zirenak) erabiltzen ziren” kontatzen du Haritzek. Aspektu honetan
ezberdintasunak ikusi ditugu kideon artean. Uste dugu egokia, lagungarria eta
eraginkorra izan daitekeela baliabide ezberdinak erabiltzea, horrek ikasleen arretan eta
errendimenduan eragina baitu. Gainera egun aurrerapen handiak ditugu, teknologiaren
esparruan batez ere, eta horiek irakaskuntzan erabili beharko liratekeela uste dugu.
Espazio eta denboraren banaketari dagokionez, talde kide guztiek ordubete
inguruko ikasgaiak genituen egunean zehar, goizeko 09:00etan sartu 12:00etan atera
eta bazkal ondoren eskolara bueltatuz arratsaldeko 17:00ak arte, gutxi gorabehera.
Ikasgai gehienak klasean bertan ematen genituen, musika, gorputz hezkuntza,
ingelera… bezalako ikasgaiak izan ezik. Horiek horretarako egokitutako beste gela
batzuetan ematen genituen. Klasea txokoka banatzen zuten batzuek, irakurketa
txokoa, eztabaidarako txokoa, idazteko txokoa, alfonbraren txokoa, ordenagailuaren
txokoa… Beste batzuek diote klase ordua bitan banatzen zutela lehen erdia teorikoa
3. eta beste erdia ariketa praktikoak egiteko. Honela laburbiltzen du Nahiak:
“ikasgaiaren arabera antolatzen zen espazioa eta denbora egin behar zen
jardueren arabera”.
Lehen hezkuntza osoan zehar denok gauza berak ikasi genituela konturatu
gara, ageriko jakintzak: batuketak, kenketak, biderketak, zatiketak, inguruneari buruzko
ezagutza orokorrak… baina horrez gain ezkutuko curriculuma ere barneratu genuela
ikusi dugu: baloreak (errespetua, eskuzabaltasuna…), puntualtasuna, baimena
eskatzea, txandaka hitz egitea, dagokigun rolak betetzea… Ikaskuntza askoko
garaitzat dugu lehen hezkuntzako esperientzia “bizitzan gehien ikasi dudan aldi”
moduan definitzen du taldekideren batek.