1. ESTATUEN ESKU-HARTZEA GELDITU
Hizkuntza baten Normalizazio Prozesuak, kasu guztietan, dimentsio politikoa eta soziala
du eta euskararen kasuan ere horrela da. Normalizazioaren bidean, estrategia ezberdinak
jartzen dira martxan, tartean hizkuntza-politikak. Izan ere, euskal komunitateak eskubidea
du bere hizkuntza-politika definitzeko eta garatzeko, inolako kanpo esku-hartzerik gabe.
Eskubide hori Hizkuntza Eskubideen Deklarazio unibertsalak jasotzen du eta honela dio
hitzez hitz: Hizkuntza-komunitate orok eskubidea du zeinek bere hizkuntza-sistema
kodetzeko, estandarizatzeko, garatzeko eta sustatzeko, derrigorturiko edo induzituriko
interferentziarik gabe. Alegia, hizkuntza-komunitateak eskubidea duela bere hizkuntza
normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe.
Mendez mende pairatu behar izan ditugu Estatuen esku-hartzeak eta azkenaldian modu
nabarmenean, gainera: Espainiako Estatuak LOMCE legea onartu du eta Frantziakoak
ikastolen aurka egin du.Hori gutxi balitz, Estatu espainiarrak Gipuzkoako Foru Aldundiaren
eta 61 udalen kontra egin du hizkuntza-politikari lotutako hainbat arlotan. Hainbat udali
indarrean dauden euskara planak bidaltzeko ere eskatu die. Errekerimenduak jasotzen ari
diren udalen zerrenda handitzen ari da egunetik egunera.
Gure Udalek hartutako neurri hauek, lehenago ere hartu direnak zein etorriko direnak
txalotzen eta babesten ditugu. Udalek euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu
dituzten neurri hauek herritarron eskubideak bermatzeko urratsak dira eta zentzu horretan
herritarroi ere badagokigu neurri horiek babestu eta kanpo esku-hartzea salatzea.
Horregatik elkartu gara gaur hemen eta beste hamaika herritan, euskararen normalizazioa
sustatzeko neurriak hartzen ari diren erakunde guztiak babesteko eta neurri horien aurka
Estatuek abiatutako erasoa salatzeko, gelditzeko. Izan ere, hein handi batean gure esku
dago eraso hauek gelditzea, herritarron erantzun tinko eta zabalak soilik geldiarazi dezake
Estatuen esku-hartzea.
Gaur hemen eta beste hamaika herritan “Estatuen esku-hartzea gelditu” lelopean elkartu
gara nahikoa dela oihukatzeko, euskararen aldeko neurrien aurkako ofentsiba eten
dezaten exijitzeko eta hori eskuak kolorez margotuz eta “gelditzeko keinua” eginez
irudikatu nahi dugu. Eskuak kolorez margotu ditugu, bizi garela eta euskaraz bizi nahi
dugula argi eta garbi erakusteko eta koloretako eskuekin “geldi” oihu egingo dugu
Estatuek beren esku-hartzea eten dezaten exijitzeko. Geure etxean zer eta nola egin
behar dugun ez digute kanpotik esan behar. Guri, eta ez beste inori dagokigu erabaki hori.
Beraz, altxa guztiok eskuak eta erakutsi Estatuei herri honen nahia zein den, erakutsi
euskaraz bizi nahi dugula, erakutsi ez dugula beraien erasorik onartuko, ez gaituztela
geldiaraziko, gure hizkuntzaren alde lanean jarraituko dugula.
Bukatzeko, herritar oro egunerokoan euskaraz bizitzeko hautua egiten jarraitzera animatu
nahi dugu eta instituzioak euskaraz bizi gaitezen neurriak hartzera. Guk, euskalgintzak,
hizkuntza-politika eraginkorrak ezartzeko bidean urratsak ematen dituen erakunde zein
norbanako oro babesten jarraituko dugu. Ondoan izango gaituzue. Elkarren ondoan egon